|
HITZALDIAK |
|
|
Tuula Asikainen
Europako herrialdeak indartzea EHII kateko sarean |
|
| |
Laburpena
Hezkuntzak Europako ezagutzaren gizarteek dituzten premiei erantzuten diela bermatzeko, funtsezkoak dira etorkizuneko ikuspegia eta ikasteko modu tradizionalen haraindian begiratzeko borondatea.
Hizkuntza-aniztasuna eta IKTen (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) ezagutza oso garrantzitsuak dira etorkizuneko europarrek hezkuntzaren bidez jaso behar dituzten funtsezko gaitasunei dagokienez. Hezitzaileek oso gutxitan erabiltzen dituzten komunikabide sozialak; ikasleentzat, berriz, komunikabide sozialak beren eguneroko jardueraren eta bizitzeko estiloaren zati dira. Ikasleek askotan erabiltzen dituzte hizkuntza atzerritarrak, beraiek komunikabide sozialekin jarduten baitira. Irakasleek, berriz, ez dute aitortzen hori zein mailatan geratzen den, eta hezkuntza formala ez da egoera horretara egokitu.
Aurkezpenean, kontraesan hori lantzeko, CLIL Cascade Network (EHII Edukien eta Hizkuntzen Ikasketa Integratuaren kateko sarea) eta bere plataformaren berri emango digute, eta CCN (CLIL Cascade Netwok) plataformak belaunaldi arteko jauzi hori gainditzen nola laguntzen duen eztabaidatuko da.
Aurkezpenean, lehendabizi, testuingurua ikusiko da. Horretarako, hezkuntzarekin lotutako joera orokor global batzuk errepasatuko dira, eta Europar Batasunean IKTek Europako ikastetxeetan duten eskuragarritasunari eta erabilerari buruz duela gutxi egin diren inkesta batzuen emaitzak ikusiko dira. Horren barruan, irakasleek izandako portaera-aldaketa ere ikusiko da.
Lehenengo ikuspegia CLIL Cascade Network plataformaren funtzioen inguruko deskribapena eta azalpena izango dira. Horien artean daude irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren arteko lotura eta garapen profesionala. Azkenik, CCN horrekin etorkizunera begira planifikatu diren garapenak zehaztuko dira, eta etorkizunean gauzatuko diren praktiken adibideak emango dira. Horien artean egongo dira ikasketa-ingurune berrien eta ikuspegi berrien sustapena, ikasgelak berregituratzeko lanak, ikasgelaren hormetatik haraindian egin beharreko lana, berrazterketarako baliabideak eta, garrantzitsuena, CNN plataformaren bidez Europako herrialdeen CLIL komunitatea eraikitzea.
|
| |
|
|
David Marsh
Eleaniztasuna, sormena eta EHII
Edukien eta Hizkuntzen rakaskuntza Integratua |
|
| |
Laburpena
Hizkuntzak ikasteko prozesuari buruzko ezagutzarik handienak, eta hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeko gai izatearen balio erantsia, elebitasunean oinarritu izan dira beti. Horrek esan nahi du oso lan gutxi egin dela hirueletasunaren ondorioen inguruan eta bi hizkuntza baino gehiago ikastearen eta erabiltzearen alde egiten duten hezkuntzako ikasketa-planen inguruan.
2000. urtetik, neurozientzien arloan gauzatu diren ikerketei esker, erakutsi da hirueletasuna ez dela elebitasunaren luzapen bat bakarrik, ezaugarri oso berariazkoak dituen giza ahalmena baizik. Horrek inplikazio zuzenak ditu ikasketa-plan eleanitzekin lan egiten duten hezitzaileen artean, edo gazte eleanitzak dituzten testuinguru sozialetan.
Aurkezpen honen bidez aztertuko dena da nola EHIIren parametroak hezkuntza-testuinguru eleanitzetarako doitu daitezkeen, eta zein emaitza espero daitezkeen ikasle-kohorte zabalen bidez ezagutzarekin eta pentsamenduarekin lotutako gaitasunei dagokienez. Kate-mailak EHII metodologiaren berariazko moten (nola funtzionatzen duen burmuinak) eta iradoki eta garatu daitezkeen gaitasun-moten artean egingo dira. Arreta berezia jarriko zaio funtzionamendu kognoszitiboari, malgutasunari eta banakako gaitasun integralenei. Eztabaidaren xedea izango da azaltzea hezkuntzako giro egokiarekin, gehienbat hirueledunak diren gazteek, gaitasun sortzaileak eta pentsamendu kritikoko gaitasunak gehiago garatzeko potentzial berezia dutela, pentsamendu dibergentearen bidez.
Hezkuntza-jardunbide egokien terminoetan, argudiatzen dena da ikasketaren eta pentsamenduaren arteko harreman horren ulermen-maila handia beharrezkoa dela; izan ere, orduan, irakasleek beren irakaskuntzaren edukia eleanitzak diren ikasleen potentzial nahiko desberdinarekin konbinatzeko moduari buruzko kontrol handiagoa izan dezakete.
Curriculuma
David Marshek eleaniztasunaren eta hezkuntza elebidunaren inguruan jardun du lanean 80ko hamarkadatik. 1994an EHII (CLIL) terminoa sortzea bultzatu zuen aurretiazko lana egin zuen taldeko kide izan zen. 2002. urtean EHII-Dimentsio Europarra: Ekintzak, Joerak eta Aurreikuspen-potentziala Europako Batzordearentzat (DG EAC) izenekoa koordinatu zuen. Europako egoeraren deskribapen hori Europako Batzordearen Ekintza Plana 2004-2006: Hizkuntzaren Ikasketa eta Hizkuntza Aniztasuna Sustatzea izeneko bildumarako erabili zen.
Australian jaio zen, Erresuma Batuan ikasi zuen eta orain Finlandian bizi da. Eskarmentu handia du irakasleen prestakuntzan, gaitasun konstruktiboan, ikerketan eta Afrikako, Europako eta Asiako herrialde desberdinen kontsultan. 2004. urtean honako hau idatzi zuen: Hezkuntza Premia Bereziak Europan – Hizkuntzen Irakaskuntza eta Ikaskuntza: Europako Batzorderako ideiak eta berrikuntza (DG EAC). 2005etik 2008ra hainbat ikerketa garatu ditu nazioartean, eta hezkuntzari eta curriculum-inguruneei buruzko garapen-lanak egin ditu.
2008tik 2010era CCNrako Zuzendari Estrategiko gisa jardungo da, eta Europar Batasuneko eta Asiaren ekialdeko hainbat hezkuntza-garapenen eta ikerketa-ekimenen arduradun da. Horietako bat da Europako Batzordearentzat egin behar duen azterlan bat, eleaniztasunaren eta sormenaren arteko harremanari buruzkoa. Azterlan hori 2009an argitaratuko da.
|
| |
|
|
Keith Kelly
EHII (CLIL) Natur Zientziatako ikasgaietan: hizkuntzaren papera. |
|
| |
Laburpena
Aurkezpen honek xedetzat du natur zientzien arloko hizkuntza identifikatzeko parametro argiak ezartzea. Ondoren, aurkezpenak lengoaia hori ikasgelan garatzeko tresnak erakusten jarraitzen du baita ere.
Berariazko gai zientifikoen barruan, hizkuntza hainbat ikuspegi desberdinetatik azter daiteke. Ikasgaiaren berariazko hizkuntza azter dezakegu; hots, arlo horretako berariazko gai baten curriculumaren edukiaren zatirik handiena. Adibidez, “zelulak eta ehunak” biologian. Interesatzen zaigun gaiaren diskurtso orokor akademikoa ikertu dezakegu, eta ikasgelan nola erabiltzen den aztertu. Azkenik, hizkuntza ez akademikoak ikasgelan duen erabilera aztertu dezakegu. Ikuspegi horiek guztiek Zientziatako ikasgai baten hizkuntza-diskurtsoaren koadroa osatzen dute. Hizkuntza dimentsio horietan erabiltzen dela jakiteak hizkuntza horren garapena planifikatzen lagun gaitzake, bai ikasgaiaren edukia bereganatzeari dagokionez eta baita eduki hori produzitzeari dagokionez ere. Aurkezpen honek Zientziatako hizkuntza hiru ikuspegi horietatik identifikatzeko eta antolatzeko bitartekoak erakutsiko dizkigu.
Zientziaren irakaskuntzan edukia eta hizkuntza integratzeko interes berezia duen beste arlo bat egitekoena da. Bereziki esanguratsuak diren bi arlo aztertu behar ditugu: lehenik eta behin, Zientzien arloko hizkuntzaren eskurapenean ikasleek jasotzen duten gidaritza edo laguntza aztertu behar dugu. Horrek esan nahi du, aztertu behar duguna izango dela zein laguntza jasotzen duten ikasleek zientzien arloko testuak irakurtzerakoan, eta zein laguntza jasotzen duten zientzien arloko hizkuntza berenganatzerakoan. Bigarren arloak produkzioarekin du zerikusia. Ikasleek laguntza handia behar izan dezakete, zientzien arloko hizkuntza idazketaren edo oratoriaren bidez produzitzerakoan. EHIIren erabiltzaileek laguntza hori nola eman jakin behar dute. Aurkezpen honek Natur Zientziak atzerriko hizkuntza baten bidez irakasteko jarraibide desberdinak eta materialen adibide desberdinak emango ditu.
Curriculuma
Keith Kelly Bulgarian bizi den hezkuntzako aholkulari independentea da. Atzerriko hizkuntzetan aditua da, eta Bristolgo Unibertsitateko gradu ondokoa du frantsesean, errusiarrean eta alemanean. Ondoren, Ingeles Hizkuntzaren Irakaskuntzaren masterra egin zuen Manchesterreko Unibertsitatean. Eskarmentu handiko irakaslea da, irakasleen prestakuntzan aditua. Gainera, Science Across the World izeneko taldeko kide da, eta Norwich Institute for Language Education (NILE) izeneko tutore elkartu. Keith Forum for Across the Curriculum Teaching (FACT) foroaren sortzaile eta koordinatzaile da baita ere. 1999tik 2003ra English Across the Curriculum proiektuaren koordinatzaile izan zen Bulgariako British Council izenekoan. Proiektu horrekin, ikastetxe elebidunetan eta elebidunekin lan egin zuen Bulgarian eta inguruan. Keith, John Cleggekin batera, NILE eta Leedseko Unibertsitate Metropolitarrarentzako EHIIren MA moduluaren egile da. Keith da Macmillanen zientzien eta geografiaren arloko hiztegi-ariketen autorea, eta IUPAC (Kimika Hutsaren eta Aplikatuaren Nazioarteko Batasuna) izenekoaren kide izendatua izan zen 2008ko urtarrilean, gai horren inguruan egindako ekarpen garrantzitsuengatik. Hezkuntzako aholkulari independente gisa jardun du 2003ko abuztutik, edukien atzerriko hizkuntzen bidezko irakaskuntzara zuzendutako hezkuntza-proiektuetan bereziki.
|
| |
|
|
Do Coyle
Ikasgelako praktikak EHII pedagogien garapenarekin lotuz:
Txita ala arrautza? Haurra ala bainurako ura?
|
|
| |
Laburpena
Lan honek EHII pedagogia teorikoen eta ikasgelako praktiken arteko harremanaren inplikazioak aurkeztuko ditu. Baliabideak eta materialak ikaskuntzara eta irakaskuntzara zuzendutako ikuspegi-sorta bat sustatzeko eta uztartzeko egin edota erabili daitezkeela azpimarratuko da. EHII ikuspegi batzuk eraginkorrak izan daitezen, eskari kulturanitzak eta eleanitzak eragiten dituzten funtsezko printzipio zorrotzetan oinarritu behar dira. Horrek ezezagun “handiak” azaleratuko ditu: EHIIrako ikuspegiak eta potentzialak, jardunbide eraginkorra, irakasleen gaitasunak, materialak eta egitekoen diseinua, nahiz horien mantenimendua. Zer nahi dugu gure ikasleek ikastea, eta nola ulertzen ditugu horretara iristea ahalbidetuko duten bitarteko eraginkorrak? Gainera, EHIIrekin inplikatutako irakasleak, bere eskolatan gauzatzen den ikaskuntzaren arduradun izateaz gain, beren lana xehetasunez aztertzeko eta horren inguruan hausnartzeko ardura ere izan behar dute. Horrela, prozesu horiek bereganatzen dituzten irakasleak beren testuinguruetan errotuta dauden eta praktika konpartitua inplikatzeagatik bereziki esanguratsuak diren jardunbide-teoriak garatzeko posizioan daude. Saio honek azpimarratuko duen ikuspegiaren bidez, irakasleak ikaskuntza-komunitateak sortzeko eta sortzen laguntzeko prest daudenean, eraginak ahalmentsuak izan daitezke, eta aldaketa esanguratsuak eragin ditzakete ikasketa-giroak eraikitzeko moduari dagokionez. Gainera, teknologia berriek funtsezko funtzioa dute EHII giro horiek sortzerakoan eta laguntzerakoan. Beraiek EHII XXI. Mendeko ikaskuntzan eta irakaskuntzan kokatzen dute, eta mugarik gabeko ikasgeletarako bidea, nazioarteko ikasketa-planetarako bidea eta elkar ulertze globalerako bidea irekitzen dute. Beraz, nondik hasi?
Curriculuma
Do Coyle Ikaskuntzako Berrikuntzan katedraduna da, Erresuma Batuko Aberdeengo Unibertsitateko Hezkuntza Eskolan. Nazioartean ospetsua da, Edukien eta Hizkuntzen Ikaskuntza Integratuko (EHII) aditu gisa. EHIIko hainbat ekimen europar zuzendu ditu, eta beste hainbatean parte hartu du. Europa osoan erabiltzen den EHIIrako marko pedagogikoa garatu du. Zenbait gobernurekin ere jarduten da, ekimen politikoetan. Ikerkuntzari dagokionez, ikasgela barruan ematen den elkarrekintza, EHIIren irakaskuntza eta ikaskuntza, hizkuntza atzerritarrak eta EAL (English as an Additional Language) testuinguruak interesatzen zaizkio. Kultur arteko ulermena eta ikaskuntzaren gaineko eragina ikertzen ditu baita ere.
Interes berezia du teknologiaren bidez eta bideokonferentzia erabiliz hobetutako ikaskuntzan, mugarik gabeko ikasgelak eta ikaskuntza-komunitateak eraikitzeko. Nottinghameko Unibertsitatea utzi aurretik, Do Ikaskuntza Bisualeko Laborategiko zuzendaria zen. Laborategi horrek teknologiaren bidezko ikaskuntza ikertzen du, eta Zientzien Ikaskuntza Ikertzeko Institutuan egiten zuen lana diziplina arteko ikaskuntzan oinarritzen zen.
http://www.visuallearninglab.ac.uk/
http://www.lsri.nottingham.ac.uk/
Bere iritziz, EHII ikasle ororen eskubidea da, hezkuntza formaleko edo informaleko maila guztietan.
|
| |
|
|
Jasone Cenoz
Eleaniztasuna, teknologia berriak eta modalitate aniztasuna:
ingelesa, unibertsitateko ikasketa hizkuntza
|
|
| |
Laburpena
Ponentzia honek eleaniztasuna eta gaitasun eleanitza hezkuntzaren helburutzat hartzen ditu. Unibertsitateko eleaniztasun egoeran oinarritzen da, ingelesa irakas-hizkuntza gisa erabiltzea proposatzen duen eleaniztasun planaren ezaugarri nagusiak laburbilduz. Gero, teknologia berriek gaitasun eleanitzaren garapenean daukaten papera aztertzen da, modalitate aniztasunaren kontzeptua nabarmenduz, elkarreragin mota ezberdinen ondorio dena (osagai bisualak, soinuak eta bestelako osagai semiotikoak hartzen ditu). Ponentziaren bigarren zatia adibide bati buruzkoa da: "Language Planning: Social and Educational Perspectives" ikasgaian, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Heziketa Diplomaturakoa. Ikasgai honetan, teknologia berrien erabilera (Moodle plataforma) eta ingelesa irakas-hizkuntza gisa uztatzen dira. Adibide honek erakutsiko digu nolako aukerak eskaintzen dituzten teknologia berriek edukiak bigarren eta hirugarren hizkuntzetan irakasterakoan. Ondorioetan, helburuak ezartzean eta gaitasun eleaniztasuna eta emandako ikasgaien edukia ebaluatzean lengoaia erabiltzeko modu berriek izan ditzaketen ondorioak aztertuko dira.
Curriculuma
Jasone Cenoz Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko katedraduna da. ‘The International Journal of Multilingualism’ aldizkariko editorea, International Association of Multilingualism elkarteko lehendakariordea eta Asociación Internacional de Lingüística Aplicada (AILA) elkarteko zuzendaritzako kidea da.
|
| |
|
|
Mª Concepción Bergera
Europar programak: hizkuntzen ikasketarako estimulua
|
|
| |
Laburpena
Eusko Jaurlaritzako Berriztatze Zerbitzuan Europar Batasuneko Etengabeko Ikaskuntza-programako Grundtvig eta Comenius ekintzen (lehengo Sokrates) arduradun gisa, txostena hasteko bere helburuak aipatuko ditut:
Helburu orokorra: Europako Batasunaren barnean, hezkuntza eta prestakuntzako sistemen arteko trukaketa, lankidetza eta mugikortasuna bultzatzea, munduko kalitate-erreferentzia bihur daitezen.
Helburu zehatzak: hizkuntzen ikaskuntza eta hizkuntza-aniztasuna sustatzea, eta europar hiritartasunaren sentimendua sortzeko, baita ulerkortasunean eta giza baliabideekiko errespetuan oinarritutako etengabeko ikaskuntzaren gaitasuna indartzea eta beste herri batzuekiko errespetua eta tolerantzia sustatzea ere.
Eremu orokor honen barnean, etengabeko Ikaskuntza-programak eskaintzen dituen aukera ezberdinak aipatuko ditut:
- Europako beste zentro batzuekin lan-elkarketetan parte-hartzea:
- Alde askotako elkarketak (Grundtvig eta Comenius ekintzak)
- Aldebiko elkarketak (Comenius ekintza)
- Europako laguntzaile bati harrera egitea (Grundtvig eta Comenius ekintzak)
- Europako beste herrialde batzuetan Etengabeko prestakuntza-ikastaroetan indibidualki (Grundtvig eta Comenius ekintzak) edo ikerketa-bisitetan parte-hartzea.
- Internet bidez Europako beste zentro batzuekin senidetzean parte-hartzea (etwinning)
Batez ere 2009ko deialdiko berrikuntzak nabarmenduko dira.
Baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Berriztatze Zerbitzuaren beraren alde askotako trukaketa eta topaketen deialdiaren berrikuntzak ere. Honek, era berean, hauxe ahalbidetzen du:
- Euskal Herriko zentro eta Europako zentroen arteko trukaketan parte-hartzea.
Curriculuma
Mª Concepción Bergera Serrano Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Urte batzuetan irakaskuntzan eta hizkuntzen prestakuntzan, eta Europar Batasunean trukaketa-programan lanean aritu ondoren, 2.000. urtetik Europar Batasuneko Etengabeko Ikaskuntzako Grundtvig eta Comenius ekintzen arduraduna da, Eusko Jaurlaritzako Berriztatze Zerbitzuan.
|
| |
|
 |
| |
Ibón Estrada, Luis Miguel Pérez eta Javier Cabado
Gaztelueta Ikastetxea
Hizkuntza transferentzia ereduak Bigarren Hezkuntza eta Batxilergorako. |
| |
Laburpena
Ponentzia honen bitartez, Gaztelueta ikastetxeko Hizkuntza (gaztelania, euskara eta ingelesa) sailak hiru hizkuntzen integrazio eta bateratze esperientzia aurkeztu nahi du Batxilergoko kurrikuluaren barruan testu tipologia aztertzeko.
Abiapuntua erabilera eremuen inguruko hausnarketa da, komunikazio egoera errealak planteatzeko asmoz; kasu honetan, erabilera eremua kazetaritza da.
Azterturiko adibidean zehatza eta balio kurrikular handikoa den narrazio testu mota garatu dugu: albistea. Testu mota honen aberastasun kurrikularra azpimarratu dugu komunikazio gaitasunarekin eta hizkuntza ekoizpenarekin loturiko trebetasunak garatzeko ematen dituen aukerengatik. Lan-ereduak zeharkakotasun garbia bilatzen du; eta hizkuntza horietako edozeinetan egindako aurretiazko lanetik hainbat hizkuntzatan sortzea eragin eta sorrarazten du. Mota horretako testuen ezaugarrietarako hasierako hurbiltzea hizkuntzen arteko lankidetzarekin egin da; bigarrenik, hizkuntza bakoitza aukeratutako testu motaren alderdi jakin batean espezializatu da; hirugarrenik, hizkuntza bakoitzean egindako lan hori hizkuntzetan aprobetxatuko da testu osoak sortzeko.
Ikas-sekuentzian egindako urrats horiek eduki gramatikalen praktikarekin eta prozedurari buruzko praktikarekin loturiko jardueren bidez osatu dira. Ikasleak sorturiko materialaren aurkezpenak ikasteko zereginak eta ebaluaketa integratzea errazten duen portafolio eredua hartu du, hausnarketa eta ikasleen eta irakasleen arteko ebaluaketa ere sustatzen duelarik.
|
| |
|
|
Itziar Elorza
Komunikatzen ikasi:
Hizkuntzen trataera bateratua Bigarren Hezkuntzan. |
|
| |
Laburpena
Euskal eskola hizkuntzekiko erronka handi batean murgilduta dago: hizkuntza gutxituaren biziberritzearen alde egin duen elebitasun orekatuaren garapena, eta horrekin batera, gaur egungo gizarte eleanitz eta kultur anitzerako prestakuntza, ingelesa, nazioarteko”lingua franca” den horretan, XXI. mendeko herritarren oinarrizko konpententziatzat harturik.
Konplexutasun horri erantzuteko modu bakarra, hizkuntzen trataera era integral eta bateratuan bideratzea da. Honela, ikaslearen hizkuntz konpetentzia KOMUNIKATZEN IKASI hezkuntza konpetentzia orokorraren barruan kokatuko dugu eta hortaz, haren garapena hezkuntza komunitatearen partaide guztion zeregina izango da. Hori benetan gerta dadin, hiru edo lau hizkuntzen irakasleek eta hizkuntza(k) lan tresna nagusi bezala erabiltzen duten beste arloetako irakasleek (beste profesionalak eta familiak ahaztu gabe) erreferentzia-marko komun bat beharko dute ikasle eleaniztunaren komunikazio konpetentziaren garapenean bakoitzaren ekarpenak koordinatzeko. Marko komun integral hori Ikastetxearen Hizkuntz Proiektua izango da.
Marko horretan, hizkuntza arloa osagai giltzarria da. Hizkuntz-konpetentziaren esparru askotarikoen lanketa sistematikoa eta hausnartua egiteko lekua da, hizkuntza desberdinek partekatutakoa eta ikaslearen bizitzako komunikazio beharrei erantzutera bideratua.
Saio honetan, ikuspegi horren bidetik Ikastolen Elkartea “Eleanitz” egitasmo eleaniztunean Bigarren Hezkuntzarako garatzen ari den curriculum proposamenaren eredua azalduko dugu. Eremu akademikora mugatuz, lau hizkuntzen trataera bateratuaren adibide bat eskainiko dugu, beste arloekin duen uztardura erakutsiz.
Curriculuma
Itziar Elorza Ikastolen Elkartearen Hizkuntz Proiektuaren arduraduna da eta hizkuntzen curriculum bateraturako “Eleanitz” egitasmoaren zuzendaria. Hizkuntza Proiektuaren diseinuan eta ikastola talde pilotuaren koordinazioan ari da, bai eta lau hizkuntzen ikasmaterialen sorkuntzan, irakasleen prestakuntzan, zein ebaluazio egitasmoetan ere. Hainbat hezkuntza eragileen artean garatutako Euskal Curriculumaren sorkuntzan parte hartu du. Zenbait artikulu idatzi eta hitzaldi eta ikastaro ugari eskaini izan ditu foro publikoetan Euskal Herrian naiz Europako beste herrialdetan.
|
| |
|
|
Rosa Aliaga
Esperientzia eleanitza Euskal Eskola Publikoan. |
|
| |
Laburpena
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Hezkuntzaren Berrikuntzako Zuzendaritzaren bidez, laurogeita hamarreko hamarkadan zenbait proiektu abiarazi zituen (Ingelesaren Ikaskuntza Goiztarra, INEBI edo BHINEBI), Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleengan eleaniztasunerako gaitasuna bultzatzeko.
Proiektu horien bidez, ingeles irakasleei trebakuntza teorikoa eta praktikoa eman zaizkie, curricvulumeko materialak egin dira Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta Bigarren Hezkuntzarako, eta ikastetxeei material egokiak eman zaizkie, ingelesa komunikazioaren ikuspegitik lantzeko.
Hitzaldi honetan, egin dugun prozesua laburbilduko dugu. Irakasleak trebatzeko erabiliko dugun eredua aztertuko dugu, eta atzerriko hizkuntzen bidez gaitasun ezberdinak lantzeko prestatu diren materialetako jardueren adibide zehatzak erakutsiko ditugu.
Bestalde, 2007-2010 etaparako Hezkuntza Berrikuntzako lehenetsitako ildoetan deskribatu diren helburuekin jarraituz, Hezkuntza, Unibertsitate Eta Ikerketa Sailak esperientzia eleanitza abiatu du Bigarren Hezkuntzako 36 ikastetxe publikotan. Esperientzia horren bidez, ikasleek ikasgai osoak ingelesez edo frantsesez ikasteko aukera izango du. Esku hartzean, esperientzia horren ezaugarriak eta parte hartzeko baldintzak azalduko ditugu, eta gaur egun lanean ari diren irakasleen testigantza batzuk erakutsiko ditugu.
Curriculuma
Filosofia eta Letretan lizentziatua, Hezkuntzarako Zientzien adarrean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloko irakasle 15 urtez, Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetan. Ingeles irakasleen trebatzailea 1999. urteaz geroztik. 1995-2000 urteetan, BETEA elkarteko (Basque English Teachers Association) lehendakaria izan zen. Gaur egun Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Berrikuntza Zuzendaritzan Atzerriko Hizkuntzen koordinatzailea da. Zenbait artikuluren egilea da, ingelesa gaztetik irakasten hasteari buruz. Biltzar eta jardunaldi askotan parte hartu du hizlari gisa, Edukien Ikaskuntza eta Hizkuntzaren gaian (CLIL: Content and Integrated Language Learning). Hezkuntzako Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Ikaskuntzaren Europako Zigilua lortu zuen 2005. urtean, "Dip, dip, dip" proiektuaren koordinatzaile gisa.
|
| |
|
 |
| |
Pilar Sagasta, Begoña Pedrosa, Julia Barnes, Ainara Nazabal eta Monika Madinabeitia
Mondragon Unibertsitatea
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI)
Eleaniztasunaren garapena hizkuntza gutxituen testuinguruan:
edukiak eta ingelesa (H3) uztartzen irakasleen hasierako formazioan. |
| |
Laburpena
Ponentzia honek azpimarratzen du zein garrantzitsuak diren hausnarketa eta adostasuna eleaniztasuna garatzeko planak diseinatu eta inplementatzerakoan. Eta, aldi berean, galdera hauek mahaigaineratzen ditu: zein motatako eleaniztasuna sustatu nahi dugu?, zergatik? eta zertarako? Txosten honetan galdera horiei erantzun diegu, betiere Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egindako hausnarketa prozesua zertan izan den azalduta. Fakultate honetan eleaniztasun gehigarriaren aldeko hautua egin dugu, ewta horretarako kontuan hartu dugu, oinarri gisa, komunitateko hizkuntza ofizialen, hau da, euskararen eta gazteleraren egoera soziolinguistikoa. Curriculumean zein unibertsitate bizitzan bultzatzen da gizartean presentzia eta erabilera gutxien duen hizkuntza, eta, bestalde, hirugarren hizkuntza gisa, ingelesaren konpetentzia sustatzen da, euskaraz eta gazteleraz garatzen diren ikaskuntzetan oinarrituta.
Eleaniztasun gehigarri honen beste ezaugarrietako batzuk hauexek dira: hizkuntzen erabilera esanguratsua, komunikazio gaitasuna garatzeko erabilitako metodologia eta eleaniztasun gehigarriarekiko jarrera positiboak sustatzeko diseinatutako tailerrak. Hizkuntzen erabilera esanguratsua eta erabilitako metodologia argitzearren, azalduko dugu irakasleen hasierako prestakuntzan ingelesarekin garatzen ari garen esperientzia. Ingelesa lantzen dugu irakasle ikasketetako espezialitateen (Haur Hezkuntza, Hezkuntza Berezia eta Hezkuntza Fisikoa) lanbide-profilarekin erlazionatutako edukien bidez. Bi ikasgai diseinatu ditugu, prestakuntza planaren lehen mailarako bata, eta bigarren mailarako bestea; ikasgai hauek aurreko ikasturteaz geroztik ari gara esperimentatzen. Txostenean zehar diseinatu ditugun materialak eta esku hartzeko darabiltzagun estrategiak azalduko ditugu.
Curriculuma
Proiektu honetan parte hartzen duen taldeak esperientzia handia dauka hurrengo eremuetan: atzerriko hizkuntzaren didaktikan, irakasleen hasierako formazioan, eleaniztasunean eta hizkuntza proiektuen inguruko formazio iraunkorrean. Horretaz gain, irakasle ikasketen plan berriaren kudeaketan parte hartu du atzerriko hizkuntzako espezialitatean, hain zuzen ere. Momentu honetan, material didaktiko eta estrategia metodologikoak sortzen ari da irakasle ikasketetako gradu tituluetan, edukien bidezko metodologian oinarrituz.
|
| |
|
|
Djamel Ould Abdesselam
Europako atalak eta Ekialdeko hizkuntzen atalak:
Frantziaren erantzuna Europako hizkuntza aniztasunari. |
|
| |
Laburpena
Europaren eraikuntzaren garapenak, ekonomiak nazioartera geroz eta gehiago zabaltzeak, elkartruke kulturalak areagotzeak, atzerriko hizkuntza bat edo bat baino gehiago baliatzeko gai izatea eta ikaslerik gehienak elebitasunaren arloko trebetasunetan hezi beharra eragiten dute.
Helburu hori jadeste aldera, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ondoko ekimen hau abiarazi zuen bigarren hezkuntzan, 1992. urtean: “Europako atalak eta Ekialdeko hizkuntzen atalak”. Oro har, ekimen horren xedea hizkuntza-eskaintza garatzea zen, honako hiru zutabeok oinarri hartuta:
1. Ikasketa Planetan atzerriko lehen hizkuntzan ordu gehiago jartzea.
2. Europako atal horietan hizkuntzaren arlotik kanpoko gaiak sartzea.
3. Ikastetxeetan eta eskoletan kasuan kasuko hizkuntzari eta herrialdeei dagozkien jarduera kulturalak antolatzea.
2001. urtean, proiektu hau lanbide lizeoetara ere zabaldu zen, 1992an zehaztutako ereduen arabera. Hala ere, lanbide arloko irakaskuntza teknikoaren berezitasunak zirela bide, pedagogia eta metodologia alorreko hainbat elementu erantsi ziren.
Europako atalak eta Ekialdeko hizkuntzen atalak sortu izanak ondoko hau ahalbidetu zuen: hezkuntzaren eskaintzari dagokionez, hamar hizkuntzari doakien prestakuntza elebiduneko gaiak sartzea. Izan ere, trebetasun horiek guztiak aintzatetsi eta baliozkotu egin dituzte Frantziako Hezkuntza Sistemaren ebaluazio-erakundeek.
Azkeneko 15 urte hauetan, ekimen hau abian jarri zenetik hona, Europako atalak eta Ekialdeko hizkuntzen atalak egokitu egin ziren, zailtasunak zailtasun, Europako Erreferentzia Marko Erkideak hizkuntzetarako eta AICLEren esperientzietan egiaztatutako eginera egokietarako irakaskuntzaren alorrean eragin zituen aldaketei.
Ponentzia honetan, Frantziak elebitasunaren arloan duen esperientziaren berri ematen ahaleginduko gara, Europako atalen eta Ekialdeko hizkuntzen atalen jardunbidean esku hartzen duten elementuak deskribatu eta aztertuz.
Curriculuma
Djamel Ould Abdesselam frantseserako lankidetza-agregatua da Espainian 2008ko irailetik aurrera. Frantziak Espainian duen Enbaxadak eta Espainiako Ipar eta Mendebaldeko Autonomia Erkidegoetako agintariekin sinatutako akordioei dagokienez, hezkuntza arloko zenbait proiektutan parte hartzen du, proiektuok garatuz.
Kargu horretan jardun zuen Ekuatore Ginean, Errumanian eta Txilen, 2005. urtean azterlan pedagogikoetarako nazioarteko zentroan (CIEP) sartu aurretik.
Frantses filologian lizentziatua da (adarra: “frantsesa atzerriko hizkuntza gisa”), eta graduondoko titulua du hizkuntza alorreko zientzietan.
|
| |
|
 |
| |
Josu Sierra, Arrate Egaña eta Jesús Grisaleña - ISEI / IVEI
Ikasle hirueledunak bigarren hezkuntzan
Euskararen B1 eta B2 mailen ebaluazioa |
| |
Ikasle hirueledunak bigarren hezkuntzan
Hezkuntza eleaniztunaren helburua zera da: hainbat hizkuntzatan trebetasun eta errepertorio linguistikoak garatzea. Eleaniztasuna bizitza osoan zehar joaten da finkatuz eta, hainbat behar eta asmok bultzatuta, pertsonek hizkuntza gehiago gehitzen dituzte. Eleaniztasunerako eta hizkuntza aniztasunerako, beharrezkoa da besteen hizkuntzak onartzea eta hizkuntza eta kultura horiek jakin-mina piztaraztea. Oinarrizko jarrera horrek bermatzen du eremu urriko hizkuntzek irautea eta beste kulturetara eta pentsamoldeetara irekitzea. Hezkuntza-politika batek, egokia izango bada, bultzatu egin beharko du ama hizkuntza, hizkuntza koofiziala nahiz beste hizkuntza batzuk irakastea.
Ikerketa honetan, irakaskuntza eleaniztunaren testuingurua eta haren edukia hartu dira aintzat, eta metodologia eta atzerriko hizkuntzan emandako irakaskuntzaren esperientziak berraztertu dira, modu laburrean.
Ikerketaren helburuak
Hainbat ikerketa egin dira hezkuntza eleaniztuneko ikastereduetan ingelesa transmisio-hizkuntza gisa erabiltzeari buruz, eta denek adierazten dute ingelesez emandako ikasgaietan hizkuntzaren barneratze-erritmoa areagotu egiten dela ondorio txarrik izan gabe (ezagutza gutxiago lortzea, ikasteko zailtasunak...). Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailak esperimentazio eleaniztuna jarri du abian, eta bermatu nahi du metodologiak aurreikusitako ondorioak sortzen dituela, ez duela ondorio disfuntzionalik ekartzen eta kostu-irabazi erlazioa arrazoizkoa dela. Hori dela eta, honako hau da ikerketa honen helburu orokorra:
- DBHko zenbait ikastetxetan ezarritako esperientzia eleaniztunaren balio hezigarria eta eraginkortasuna egiaztatzea.
Honako hauek dira helburu espezifikoak:
- Hezkuntza eleaniztunaren balioa analizatzea, eta aldi berean hauek baloratzea: eraginkortasun-maila eta Bigarren Hezkuntzako beste ikastetxeetara zabaltzeko aukera.
- Talde esperimentaletako ikasleengan aztertzea ea 3. hizkuntzan lortzen den hizkuntza-konpetentzia handiagorik.
- HE ezartzeak zer ondorio dituen analizatzea aukeratutako hezkuntza-maila guztietan (DBHko 1. zikloan, DBHko 2. zikloan, eta Batxilergoan).
- Hirugarren hizkuntza irakasten diren irakasgaietan/gaietan ez dela ezagutza gutxiago eskuratzen egiaztatzea.
- Aurreikusi ez den ondoriorik sortzen ote den analizatzea, ondorio onak zein txarrak.
Euskararen B1 eta B2 mailen ebaluazioa
- Ebaluazio hauek tresna garrantzitsuak izan ziren
- Gure ikasleriaren benetako konpetentziari buruzko hausnarketarako.
- Egungo sistemaren baloraziorako eta benetan lortzen ari dena ikusteko, egungo legedia kontuan hartuz:
- Betetzen al dira legeak markatutako helburuak?
- Jakina, hauek ez dira egiten diren lehen ebaluazioak eta badakigu aspalditik eredu batzuek ez dituztela helburuak lortzen.
- Markoaren ezarpenerako (EEMB) konpetentzia linguistikoen ebaluazioen arloan.
- Ordurarte, proba desberdin bat egiten zen ebaluazio bakoitzerako eta ereduen artean konparatu, ez kanpoko erreferentzia batekin.
ISEI-IVEI-k Ebaluatutako euskararen B1 eta B2 mailak
- Europako Erreferentzi Marko bateratuak markatutakoari jarraitzen diote.
- Europako Erreferentzi Markoa Europa osorako hizkuntz egitarauak, kurrikulu-orientazioak, azterketak, testu-liburuak etab. prestatzeko oinarri bateratua da. Hizkuntza bat ikasten ari diren ikasleek hizkuntza hori komunikazio-tresna gisa erabili ahal izateko zer ikasi behar duten deskribatzen du Markoak.
Zer dio indarrean dagoen legediak?
- Euskararen Erabilpena Arautzeko Oinarrizko Legea, 1982ko azaroaren 24koa.
- 17garren atala.
- Jaurlaritzak, ikaslegoari nahitaezko ikastaldiak bukatzerakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina ezagutuko ditueneko segurantza emateko xedezko neurriak hartu eta euskara-giroa bermatuko du,…
- 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa.
- 18 atala.
- Euskara eta gaztelania nahitaez sartuko dira euskal eskola publikoan gara daitezen irakaskuntza-programetan, bi hizkuntzen ahozko zein idatzizko ulermena eta adierazpena benetakoa izan eta gutxienez ohizko harremanetarako eta erabilerako hizkuntza gisa erabili ahal izan daitezen.
|
| |
|
|
Iker Pagola - Erain Ikastetxea
Hiru hizkuntzen arteko elkarreragina: bigarren hizkuntzatik ama hizkuntzara. |
|
| |
Laburpena
Hitzaldiak Hizkuntzen Trataera Bateratua du testuingurutzat. Erain Ikastetxeak marko honetan burututako esperientzia bat aurkeztuko du. Bi helburu ditu aurkezpen honek; alde batetik, hizkuntzen artean transferentziak gertatzen direla ziurtatu, eta bestetik, sekuentzia didaktikoekin lan eginez transferentzia horiek ziurtatzen direla frogatu.
Ez gara froga hau egin dugun lehenak, baina hainbat berezitasun ditu gure lanak. Orain arte mota honetako frogak D ereduko ikastetxeetan burutu dira, guk, aldiz, eredu eleanitza duen ikastetxe batean egin dugu. Gainera, bigarren hizkuntza batetik ama hizkuntzara transferitzen denaz gain, bigarren hizkuntza batetik beste bigarren hizkuntza batera transferitzen dena ere aztertu dugu.
Ikerketaren metodologia aldetik, sekuentzia didaktiko batekin egin da lan, Ginebrako eredua jarraituz burutu den sekuentzia bat. Sekuentzia didaktikoekin lan egiteak metodologia aldatzera behartzen gaitu. Ikasleek askoz ere gehiago parte hartzen dute, hausnartzera behartuak daude eta testuak ekoizten dituzten heinean autonomia lortzen dute.
D.B.H 2. mailan egin dugu froga. Sekuentzia didaktikoa euskaraz bakarrik landu da, gaztelania eta ingeleseko irakasleen esku-hartzerik gabe. Kontrol taldeak izan ditugu ama hizkuntzan (gaztelania) eta beste bigarren hizkuntzan (ingelesa). Lana burutu ondoren transferitu diren elementu nagusiak aztertuko ditugu, hobetu beharko litzatekeena ere kontuan hartuz.
|
| |
|
 |
Teresa Serra eta Susana Díaz
Matematikak katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez Bartzelonako Vila Olímpica HLHIko hizkuntza proiektu integratuan. |
|
| |
Laburpena
Bartzelonako Vila Olímpica HLHI bere hezkuntza jarduera osoa hasieratik Hizkuntza Proiektu Integratuaren (HPI) inguruan garatzen duen Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea da. Proiektu hori ikastetxean dauden hizkuntzak hezkuntza jarduera guztietan berauek erabili eta komunikatuz ikasten direla dioen iritzian oinarritzen da; eta arreta berezia jartzen du katalana, gaztelania eta ingeles hizkuntzen ikaskuntzan eta Ingurumenaren Ezagutza eta Matematika arloetako edukien bidez. Elkarrizketa gelan ikasteko jardueren garapenaren funtsezko oinarria da. Matematikei buruz hitz egiteak beronen ikasketa bideratzen duten hizkuntzak ikasteari mesede egiten dio, baita Matematikak eurak ikasteari ere.
Komunikazio honetan gure arreta hiru hizkuntzak Matematiken bitartez eta horiek hiru hizkuntzetan ikastean jarriko dugu. Badira funtsezko alderdi batzuk ikasketa bikoitz hori matematiketako eduki zehatzak ikasten diren bitartean garatzeko: lan metodologia gelan eta gelatik kanpo, matematiketako edukiak hiru hizkuntzetan banatzea, ikasketak hizkuntza batetik bestera transferitzea,... Alderdi horien adibideak emateko matematikak katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez ikastearekin loturiko klaseko hiru egoera aurkeztuko ditugu.
Curriculuma
Teresa Serra
Maistra eta psikopedagogoa. Ikastetxea sortu zenetik Hizkuntza Proiektu Integratua garatzen duen Bartzelonako Vila Olímpica HLHIko maistra eta Ikasketa burua.
Irakasleriaren Prestakuntza jarduera askotan hartu du parte LOGSEren ezarpenaren, matematiken irakaskuntza eta ikasketaren eta hizkuntzak beste arlo batzuetako edukien bitartez ikastearen garapenaren inguruan. Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Saileko Matematiken Prestakuntza eta Praktika Erreflexiboaren Programa zehatzean parte hartu du.
Lehen aipaturiko gaiekin loturiko hainbat artikuluren eta ikasleriari eta irakasleriari zuzenduriko kurrikuluko materialaren egilea da.
Azken bi urteotan gauzaturiko Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Saileko Matematika arloko kurrikuluaren garapenean parte hartu du.
Susana Díaz
Lehen Hezkuntza maistra, ingeles hizkuntza espezialista. 2002. urtetik lanean ari da Bartzelonako Vila Olímpica HLHIan -zentro horretan hizkuntza proiektu integratua praktikan jartzen da- eta hizkuntzak arloen bitartez irakasteari buruzko hainbat lan taldetan hartu du parte.
Gai horrekin loturiko irakasleriaren prestakuntza jardueretan eta HLOren ezarpenean oinarrizko eskumenen garapenari buruzkoetan parte hartu du prestatzaile gisa.
|
| |
|
|
| |
2008 Gaztelueta Fundazioa |
| |
|