Europaren eraikuntzaren garapenak, ekonomiak nazioartera geroz eta gehiago zabaltzeak, elkartruke kulturalak areagotzeak, atzerriko hizkuntza bat edo bat baino gehiago baliatzeko gai izatea eta ikaslerik gehienak elebitasunaren arloko trebetasunetan hezi beharra eragiten dute.
Helburu hori jadeste aldera, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ondoko ekimen hau abiarazi zuen bigarren hezkuntzan, 1992. urtean: “Europako atalak eta Ekialdeko hizkuntzen atalak”. Oro har, ekimen horren xedea hizkuntza-eskaintza garatzea zen, honako hiru zutabeok oinarri hartuta:
1. Ikasketa Planetan atzerriko lehen hizkuntzan ordu gehiago jartzea.
2. Europako atal horietan hizkuntzaren arlotik kanpoko gaiak sartzea.
3. Ikastetxeetan eta eskoletan kasuan kasuko hizkuntzari eta herrialdeei dagozkien jarduera kulturalak antolatzea.
2001. urtean, proiektu hau lanbide lizeoetara ere zabaldu zen, 1992an zehaztutako ereduen arabera. Hala ere, lanbide arloko irakaskuntza teknikoaren berezitasunak zirela bide, pedagogia eta metodologia alorreko hainbat elementu erantsi ziren.
Europako atalak eta Ekialdeko hizkuntzen atalak sortu izanak ondoko hau ahalbidetu zuen: hezkuntzaren eskaintzari dagokionez, hamar hizkuntzari doakien prestakuntza elebiduneko gaiak sartzea. Izan ere, trebetasun horiek guztiak aintzatetsi eta baliozkotu egin dituzte Frantziako Hezkuntza Sistemaren ebaluazio-erakundeek.
Azkeneko 15 urte hauetan, ekimen hau abian jarri zenetik hona, Europako atalak eta Ekialdeko hizkuntzen atalak egokitu egin ziren, zailtasunak zailtasun, Europako Erreferentzia Marko Erkideak hizkuntzetarako eta AICLEren esperientzietan egiaztatutako eginera egokietarako irakaskuntzaren alorrean eragin zituen aldaketei.
Ponentzia honetan, Frantziak elebitasunaren arloan duen esperientziaren berri ematen ahaleginduko gara, Europako atalen eta Ekialdeko hizkuntzen atalen jardunbidean esku hartzen duten elementuak deskribatu eta aztertuz.
Djamel Ould Abdesselam frantseserako lankidetza-agregatua da Espainian 2008ko irailetik aurrera. Frantziak Espainian duen Enbaxadak eta Espainiako Ipar eta Mendebaldeko Autonomia Erkidegoetako agintariekin sinatutako akordioei dagokienez, hezkuntza arloko zenbait proiektutan parte hartzen du, proiektuok garatuz.
Kargu horretan jardun zuen Ekuatore Ginean, Errumanian eta Txilen, 2005. urtean azterlan pedagogikoetarako nazioarteko zentroan (CIEP) sartu aurretik.
Frantses filologian lizentziatua da (adarra: “frantsesa atzerriko hizkuntza gisa”), eta graduondoko titulua du hizkuntza alorreko zientzietan.