|
HITZALDIA: PILAR SAGASTA, BEGOÑA PEDROSA, JULIA BARNES, AINARA NAZABAL, MONIKA MADINABEITIA |
| |
 |
| |
Pilar Sagasta, Begoña Pedrosa, Julia Barnes, Ainara Nazabal eta Monika Madinabeitia
Mondragon Unibertsitatea
Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI)
Eleaniztasunaren garapena hizkuntza gutxituen testuinguruan:
edukiak eta ingelesa (H3) uztartzen irakasleen hasierako formazioan. |
| |
Laburpena
Ponentzia honek azpimarratzen du zein garrantzitsuak diren hausnarketa eta adostasuna eleaniztasuna garatzeko planak diseinatu eta inplementatzerakoan. Eta, aldi berean, galdera hauek mahaigaineratzen ditu: zein motatako eleaniztasuna sustatu nahi dugu?, zergatik? eta zertarako? Txosten honetan galdera horiei erantzun diegu, betiere Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean egindako hausnarketa prozesua zertan izan den azalduta. Fakultate honetan eleaniztasun gehigarriaren aldeko hautua egin dugu, ewta horretarako kontuan hartu dugu, oinarri gisa, komunitateko hizkuntza ofizialen, hau da, euskararen eta gazteleraren egoera soziolinguistikoa. Curriculumean zein unibertsitate bizitzan bultzatzen da gizartean presentzia eta erabilera gutxien duen hizkuntza, eta, bestalde, hirugarren hizkuntza gisa, ingelesaren konpetentzia sustatzen da, euskaraz eta gazteleraz garatzen diren ikaskuntzetan oinarrituta.
Eleaniztasun gehigarri honen beste ezaugarrietako batzuk hauexek dira: hizkuntzen erabilera esanguratsua, komunikazio gaitasuna garatzeko erabilitako metodologia eta eleaniztasun gehigarriarekiko jarrera positiboak sustatzeko diseinatutako tailerrak. Hizkuntzen erabilera esanguratsua eta erabilitako metodologia argitzearren, azalduko dugu irakasleen hasierako prestakuntzan ingelesarekin garatzen ari garen esperientzia. Ingelesa lantzen dugu irakasle ikasketetako espezialitateen (Haur Hezkuntza, Hezkuntza Berezia eta Hezkuntza Fisikoa) lanbide-profilarekin erlazionatutako edukien bidez. Bi ikasgai diseinatu ditugu, prestakuntza planaren lehen mailarako bata, eta bigarren mailarako bestea; ikasgai hauek aurreko ikasturteaz geroztik ari gara esperimentatzen. Txostenean zehar diseinatu ditugun materialak eta esku hartzeko darabiltzagun estrategiak azalduko ditugu.
Curriculuma
Proiektu honetan parte hartzen duen taldeak esperientzia handia dauka hurrengo eremuetan: atzerriko hizkuntzaren didaktikan, irakasleen hasierako formazioan, eleaniztasunean eta hizkuntza proiektuen inguruko formazio iraunkorrean. Horretaz gain, irakasle ikasketen plan berriaren kudeaketan parte hartu du atzerriko hizkuntzako espezialitatean, hain zuzen ere. Momentu honetan, material didaktiko eta estrategia metodologikoak sortzen ari da irakasle ikasketetako gradu tituluetan, edukien bidezko metodologian oinarrituz.
|
| |
|
|
| |
2008 Gaztelueta Fundazioa |
| |
|