Hizkuntzak ikasteko prozesuari buruzko ezagutzarik handienak, eta hizkuntza bat baino gehiago erabiltzeko gai izatearen balio erantsia, elebitasunean oinarritu izan dira beti. Horrek esan nahi du oso lan gutxi egin dela hirueletasunaren ondorioen inguruan eta bi hizkuntza baino gehiago ikastearen eta erabiltzearen alde egiten duten hezkuntzako ikasketa-planen inguruan.
2000. urtetik, neurozientzien arloan gauzatu diren ikerketei esker, erakutsi da hirueletasuna ez dela elebitasunaren luzapen bat bakarrik, ezaugarri oso berariazkoak dituen giza ahalmena baizik. Horrek inplikazio zuzenak ditu ikasketa-plan eleanitzekin lan egiten duten hezitzaileen artean, edo gazte eleanitzak dituzten testuinguru sozialetan.
Aurkezpen honen bidez aztertuko dena da nola EHIIren parametroak hezkuntza-testuinguru eleanitzetarako doitu daitezkeen, eta zein emaitza espero daitezkeen ikasle-kohorte zabalen bidez ezagutzarekin eta pentsamenduarekin lotutako gaitasunei dagokienez. Kate-mailak EHII metodologiaren berariazko moten (nola funtzionatzen duen burmuinak) eta iradoki eta garatu daitezkeen gaitasun-moten artean egingo dira. Arreta berezia jarriko zaio funtzionamendu kognoszitiboari, malgutasunari eta banakako gaitasun integralenei. Eztabaidaren xedea izango da azaltzea hezkuntzako giro egokiarekin, gehienbat hirueledunak diren gazteek, gaitasun sortzaileak eta pentsamendu kritikoko gaitasunak gehiago garatzeko potentzial berezia dutela, pentsamendu dibergentearen bidez.
Hezkuntza-jardunbide egokien terminoetan, argudiatzen dena da ikasketaren eta pentsamenduaren arteko harreman horren ulermen-maila handia beharrezkoa dela; izan ere, orduan, irakasleek beren irakaskuntzaren edukia eleanitzak diren ikasleen potentzial nahiko desberdinarekin konbinatzeko moduari buruzko kontrol handiagoa izan dezakete.
David Marshek eleaniztasunaren eta hezkuntza elebidunaren inguruan jardun du lanean 80ko hamarkadatik. 1994an EHII (CLIL) terminoa sortzea bultzatu zuen aurretiazko lana egin zuen taldeko kide izan zen. 2002. urtean EHII-Dimentsio Europarra: Ekintzak, Joerak eta Aurreikuspen-potentziala Europako Batzordearentzat (DG EAC) izenekoa koordinatu zuen. Europako egoeraren deskribapen hori Europako Batzordearen Ekintza Plana 2004-2006: Hizkuntzaren Ikasketa eta Hizkuntza Aniztasuna Sustatzea izeneko bildumarako erabili zen.
Australian jaio zen, Erresuma Batuan ikasi zuen eta orain Finlandian bizi da. Eskarmentu handia du irakasleen prestakuntzan, gaitasun konstruktiboan, ikerketan eta Afrikako, Europako eta Asiako herrialde desberdinen kontsultan. 2004. urtean honako hau idatzi zuen: Hezkuntza Premia Bereziak Europan – Hizkuntzen Irakaskuntza eta Ikaskuntza: Europako Batzorderako ideiak eta berrikuntza (DG EAC). 2005etik 2008ra hainbat ikerketa garatu ditu nazioartean, eta hezkuntzari eta curriculum-inguruneei buruzko garapen-lanak egin ditu.
2008tik 2010era CCNrako Zuzendari Estrategiko gisa jardungo da, eta Europar Batasuneko eta Asiaren ekialdeko hainbat hezkuntza-garapenen eta ikerketa-ekimenen arduradun da. Horietako bat da Europako Batzordearentzat egin behar duen azterlan bat, eleaniztasunaren eta sormenaren arteko harremanari buruzkoa. Azterlan hori 2009an argitaratuko da.