Euskal eskola hizkuntzekiko erronka handi batean murgilduta dago: hizkuntza gutxituaren biziberritzearen alde egin duen elebitasun orekatuaren garapena, eta horrekin batera, gaur egungo gizarte eleanitz eta kultur anitzerako prestakuntza, ingelesa, nazioarteko”lingua franca” den horretan, XXI. mendeko herritarren oinarrizko konpententziatzat harturik.
Konplexutasun horri erantzuteko modu bakarra, hizkuntzen trataera era integral eta bateratuan bideratzea da. Honela, ikaslearen hizkuntz konpetentzia KOMUNIKATZEN IKASI hezkuntza konpetentzia orokorraren barruan kokatuko dugu eta hortaz, haren garapena hezkuntza komunitatearen partaide guztion zeregina izango da. Hori benetan gerta dadin, hiru edo lau hizkuntzen irakasleek eta hizkuntza(k) lan tresna nagusi bezala erabiltzen duten beste arloetako irakasleek (beste profesionalak eta familiak ahaztu gabe) erreferentzia-marko komun bat beharko dute ikasle eleaniztunaren komunikazio konpetentziaren garapenean bakoitzaren ekarpenak koordinatzeko. Marko komun integral hori Ikastetxearen Hizkuntz Proiektua izango da.
Marko horretan, hizkuntza arloa osagai giltzarria da. Hizkuntz-konpetentziaren esparru askotarikoen lanketa sistematikoa eta hausnartua egiteko lekua da, hizkuntza desberdinek partekatutakoa eta ikaslearen bizitzako komunikazio beharrei erantzutera bideratua.
Saio honetan, ikuspegi horren bidetik Ikastolen Elkartea “Eleanitz” egitasmo eleaniztunean Bigarren Hezkuntzarako garatzen ari den curriculum proposamenaren eredua azalduko dugu. Eremu akademikora mugatuz, lau hizkuntzen trataera bateratuaren adibide bat eskainiko dugu, beste arloekin duen uztardura erakutsiz.
Itziar Elorza Ikastolen Elkartearen Hizkuntz Proiektuaren arduraduna da eta hizkuntzen curriculum bateraturako “Eleanitz” egitasmoaren zuzendaria. Hizkuntza Proiektuaren diseinuan eta ikastola talde pilotuaren koordinazioan ari da, bai eta lau hizkuntzen ikasmaterialen sorkuntzan, irakasleen prestakuntzan, zein ebaluazio egitasmoetan ere. Hainbat hezkuntza eragileen artean garatutako Euskal Curriculumaren sorkuntzan parte hartu du. Zenbait artikulu idatzi eta hitzaldi eta ikastaro ugari eskaini izan ditu foro publikoetan Euskal Herrian naiz Europako beste herrialdetan.