Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Hezkuntzaren Berrikuntzako Zuzendaritzaren bidez, laurogeita hamarreko hamarkadan zenbait proiektu abiarazi zituen (Ingelesaren Ikaskuntza Goiztarra, INEBI edo BHINEBI), Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleengan eleaniztasunerako gaitasuna bultzatzeko.
Proiektu horien bidez, ingeles irakasleei trebakuntza teorikoa eta praktikoa eman zaizkie, curricvulumeko materialak egin dira Haur Hezkuntzarako, Lehen Hezkuntzarako eta Bigarren Hezkuntzarako, eta ikastetxeei material egokiak eman zaizkie, ingelesa komunikazioaren ikuspegitik lantzeko.
Hitzaldi honetan, egin dugun prozesua laburbilduko dugu. Irakasleak trebatzeko erabiliko dugun eredua aztertuko dugu, eta atzerriko hizkuntzen bidez gaitasun ezberdinak lantzeko prestatu diren materialetako jardueren adibide zehatzak erakutsiko ditugu.
Bestalde, 2007-2010 etaparako Hezkuntza Berrikuntzako lehenetsitako ildoetan deskribatu diren helburuekin jarraituz, Hezkuntza, Unibertsitate Eta Ikerketa Sailak esperientzia eleanitza abiatu du Bigarren Hezkuntzako 36 ikastetxe publikotan. Esperientzia horren bidez, ikasleek ikasgai osoak ingelesez edo frantsesez ikasteko aukera izango du. Esku hartzean, esperientzia horren ezaugarriak eta parte hartzeko baldintzak azalduko ditugu, eta gaur egun lanean ari diren irakasleen testigantza batzuk erakutsiko ditugu.
Filosofia eta Letretan lizentziatua, Hezkuntzarako Zientzien adarrean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloko irakasle 15 urtez, Euskal Autonomia Erkidegoko eskola publikoetan. Ingeles irakasleen trebatzailea 1999. urteaz geroztik. 1995-2000 urteetan, BETEA elkarteko (Basque English Teachers Association) lehendakaria izan zen. Gaur egun Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Berrikuntza Zuzendaritzan Atzerriko Hizkuntzen koordinatzailea da. Zenbait artikuluren egilea da, ingelesa gaztetik irakasten hasteari buruz. Biltzar eta jardunaldi askotan parte hartu du hizlari gisa, Edukien Ikaskuntza eta Hizkuntzaren gaian (CLIL: Content and Integrated Language Learning). Hezkuntzako Berrikuntzaren eta Hizkuntzen Ikaskuntzaren Europako Zigilua lortu zuen 2005. urtean, "Dip, dip, dip" proiektuaren koordinatzaile gisa.